Mimetiz Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek idatzitako
albistea.
2025eko urriaren 29an hasi zen Irakurlagun proiektua. Bertan, Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek parte hartu zuten. Ekimen honen helburua haur eta gazteen artean irakurketa bultzatzea zen. Gainera, proiektuak adin desberdinetako ikasleen arteko harremanak sendotzen lagundu du, eta adiskidetasun berriak sortu dira.
Bi astean behin, asteazkenetan eta bazkaldu ondoren, 45 minutuko saioa egiten zen eskola ordutegiaren barruan.
Lehenengo saioan, proiektuaren aurkezpena egin ondoren, ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Lehenengo hilabeteetan, Lehen Hezkuntzako 3. mailako haurrek liburu bat aukeratzen zuten DBHko ikasleekin batera irakurtzeko. Ondoren, istorioan gertatzen zena komentatzen zuten eta iritziak partekatzen zituzten.
Urtarrilean, ipuin bildumen liburuxka sortzen hasi ziren. Horretarako, bi edo hiru laguneko talde txikietan, istorioa asmatu, marrazkiak egin eta zirriborroa idatzi zuten. Gero, ipuinak txukun idatzi eta enkoadernatu zituzten. Gainera, liburu honen bertsio digitala Liburuaren Egunaren ospakizunerako familiei opari moduan bidali zitzaien.
Proiektua amaitzean, egindako lana ospatzeko, merendola bat antolatu zuten esperientziari amaiera emanez. Balorazioa oso positiboa izan da, eta ikasleek jarduera “dibertigarria”, “originala” eta “berriz egiteko modukoa” dela adierazi dute.
